Ahostegunak: hauek izango dira gonbidatuak
Urriaren 24an amaituko da Ahostegunak ekimenean izena emateko epea; igandean. Antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan, literaturan... euskarazko ahozko sorkuntzan ari diren Euskal Herriko gazteak elkartzen dituen ekimena da hau, kultur esperimentaziorako tartea eskaintzeko.
Baina ez hori bakarrik: izena ematen duen lagun taldearekin batera parte hartzen dute kultur diziplina horietan aditu diren hainbat sortzailek. Ane Labaka bertsolaria, Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe komikilaria, Maite Berriozabal gai-jartzailea eta Miren Narbaiza musikaria izango dira aurtengoan gonbidatuak.
18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako lau saiok osatuko dute aurtengo Ahostegunak: urriaren 28tik azaroaren 18ra ostegunero elkartuko dira gazteak Euskaltzaindiak egoitza duen Tolare baserrian, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren aldamenean. Saioak 16:00etatik 19:00etara izango dira.
Hirugarrenez egingo da ekimena, aurtengoan Euskaltzaindiak, Bertsozale Elkarteak, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzolak antolatuta.