Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ahostegunak eta Ahots Baten, "Sormenean hezi, kulturan bizi" jardunaldietan

Larunbatean izango da jardunaldion laugarren saioa Azpeitian, eta han emango da sormen topaketa hauen esperientziaren berri.

Adin tarte eta formatu ezberdinak, baina oinarrian ideia beretik abiatzen dira Ahostegunak eta Ahots Baten: gazte sortzaileak ahozko kultur diziplinekin esperimentatzea eta beraien artean harreman sareak eraikitzea. Mintzola Ahozko Lantegian sortu ziren bi ekimenok, eta fundazioa azkentze prozesuan bada ere, aurten Bertsozale Elkartearen eta Euskaltzaindiaren bidez gauzatuko da Ahots Baten sormen egonaldia esaterako.

Bi egitasmoen antolaketan aritu izan den eta dabilen Leire Amenabar arduratuko da Sormenean hezi, kulturan bizi II jardunaldien laugarren saioan bi sormen topaketen inguruko esperientzia partekatzeaz.

Azpeitian izango da jardunaldien laugarren saio hau; aurretik, Senperen, Laudion eta Lesakan egin dira. Helburua euskal kulturgintzaren transmisioaren inguruko kezka plazaratzea eta transmisio hori ziurtatzeko espazioak eragitea da. UEUk, Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte, Larraldearen, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren eta Lesakako Udalaren laguntzarekin.

Izena emateko eta argibide gehiagorako, sakatu hemen.