Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/10/04

Ahostegunak, ahozko kultur sorkuntza unibertsitatean

Ostegunero saioak egingo dira antzerkiaren, bertsolaritzaren, kantagintzaren eta literaturaren inguruan, urriaren 31n hasi eta azaro osoan zehar. 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendua, sarrera doakoa da baina izena eman behar da urriaren 7tik 21era bitarte.

Ostegunak bereziak izango dira azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko saioak antolatu ditugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera: Ahostegunak.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura izango dituzte mami ekimena osatzen duten saioek. Egun bakoitzeko, kultur sorkuntza bat landuko da eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dugu.

Izenak ongi dioen moduan, saioak ostegunez izango dira, 16:00etatik 19:00etara. UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan gauzatuko ditugu, Donostian. Urriaren 31n egingo da lehena eta, jarraian, ostegunero egingo dira saioak azaroaren 28an azkenengoa egiten den arte: Uxue Alberdi izango da taldean literatura landuko den egunean; bigarrenean, antzerkiaren ingurukoak aletuko dizkigu Miren Gaztañaga aktoreak; bertsolaritzaz gozaraziko digute Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok; eta laugarren saioan, Ines Osinaga musikari eta kantariarekin solasean aritzeko aukera izango dugu. Azaroaren 28an egingo den azken jardunaldian, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egingo da, eta han elkartuko dira aurrez egun bakoitzean egon diren gonbidatu horiek guztiak.

UPV/EHUko Gipuzkoako campusean egingo denez, eta, honenbestez, unibertsitateko ikasleek eskurago izango duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako 18 eta 22 urte bitarteko gazteek ere. Sarrera doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da webgune honetan bertan egokituko den izen-emate orrian: urriaren 7tik 21era bitarte eman ahal izango da izena. Izena emateko ordena aintzat hartuko da eta, behin izena emanda, saio guztietara etortzeko konpromisoa eskatzen da: saio guztietan talde bera izango da parte hartzen eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da.

2015 Ahots Baten

 Ahots Baten sormen egonaldia aurrekari

2015ean sortu genuen Ahots Baten sormen egonaldia. Gabonetako opor egunak baliatuta ahozko kultur sorkuntzekin ondo pasatzeko aukera eskaini nahi zen. Aurtengo neguan egingo da bosgarrena, eta haren arrakasta eta emaitza ikusita, jarri da martxan helburu beretsuak dituen Ahostegunak proiektua. Ahozko kultur diziplinetan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko aukera ematea; zale diren gazteen arteko harreman sareak eragitea; eta diziplinartekotasunaren esperimentazioari espazioa ematea dira ekimenon helburuak.

Helburuok unibertsitatera eramanda sortu da Ahostegunak. Ez da Mintzolak unibertsitatean garatzen duen ekimen bakarra: bertsolaritza esparru akademikora hurbiltzeko saiakera eginez, UNIbertsoan egitasmoa ere egiten baitugu UPV/EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzarekin elkarlanean.

Informazioa, hemen.