Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2011/10/05

"Ahoa bete hots" jardunaldiak aurkeztu dira

Azaroaren 2an, 3an eta 4an izango dira Mintzola Fundazioaren Villabonako egoitzan. Bigarren edizio honek "Idatziak ahotsa hartzen duenean" goiburua izango du.

Gaur goizean aurkeztu ditugu azaroaren 2an, 3an eta 4an, bigarren urtez, Mintzola Fundazioaren Villabonako egoitzan izango diren "Ahoa bete hots" jardunaldiak. Hauek Mintzolak berak antolatu ditu, lau elkarteren laguntzaz -Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Ipuin Kontalarien taldea eta Euskal Kantuzaleen Elkartea-, eta ahozkoa eta idatzizkoa bereiztea dute helburu. Ildo horretatik, "Idatziak ahotsa hartzen duenean" goiburupean, hainbat unibertsitate irakaslek, ipuin kontalarik edo bertsolarik bien arteko aldea aztertuko dute. Irakasle, kazetari, aurkezle, bertsolari, antzezle, teknikari eta ahozkotasunak bizi duen ororentzako jardunaldiak dira, bereziki.

Jardunaldien aurkezpenean Josune Zabala Mintzola Fundazioaren zuzendaria, Julia Marin Itzulidatz taldeko kidea, Beñat Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ikerketa saileko arduraduna eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria izan dira, Mintzolaren egoitzan. Zabalak bigarren edizio honetako bi berrikuntzak aipatu ditu: egunero saio praktikoak egingo dituzte, batetik, eta jardunaldien grabaketak webgunean izango dira, bestetik. Marinek, programaren xehetasunen berri eman ondoren, hizlarien esperientzia nabarmendu du.

Gaztelumendik iazko jardunaldien liburua aurkeztu du. Ahozkotasunari begirada ezberdinekin begiratu zioten bederatzi hizlarien hausnarketak bildu dira bertan, hiru ataletan banatuta. Lehenengoan ahozkotasunak haur munduan daukan eta eduki beharko lukeen presentziaz ari dira Jose Inazio Ansorena musikaria, Gorka Tolosa haur eta gazte dinamizatzailea eta Itziar Rekalde ipuin kontalaria. Bigarren atalean ahozkotasuna jardun berezituetan aztertu dute Labayru Ikastegiko Herri Ondarearen ataletik etorritako Miren Ibarluzeak, Juan Kruz Igerabide idazleak eta Julian Beloki kazetariak. Eta azkeneko atalean ahozkotasunaz eta kulturaz ari dira Antton Luku idazlea, Jose Angel Irigaray Agirre kazetari eta ikerlaria. Esan bezala, liburua, Mintzola Fundazioak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak elkarlanean argitaratu dute eta bide desberdinetatik eskura daiteke: Lanku Bertso-Zerbitzuen bidez, eta baita Durangoko Azokan ere, bai Bertsozale Elkartearen standean eta baita Mintzolarenean ere. Mintzola Fundazioaren webgunetik ere eskuratu ahal izango da.

Azkenik, Etxeburuak euskara, aldi berean, bizia, jasoa edo jostagarria izateko, ahozko eta idatzizko eremuak bereiztea funtsezkoa dela adierazi du: "bakoitzari berea, eta goza dezagun gure hizkuntzarekin. Euskaraz pozik bizi baikara euskaldunok".

Jardunaldietan izena emateko epea urriaren 19ra arte egongo da zabalik, eta www.mintzola.com webgune honetan bertan egin daiteke (bete formularioa) edo 943 693870 telefono zenbakian egin daiteke.

Informazio gehiago, Ahoa bete hots atalean bertan (egitaraua, izena emateko baldintzak eta abar).

Albistea hedabideetan: