Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2010/06/18

"Ahoa bete hots" jardunaldiak uztailean

Bertsozale Elkartearen eta Mintzola Fundazioaren elkarlanetik gorpuztu den "Ahoa bete hots" jardunaldiak aurkeztu dira Mintzola Fundazioan.

Uztailaren 22, 23 eta 24an izango dira Villabonan (Mintzola Fundazioa. Subijana Etxea), eta euskararen ahozko gaiez eginiko gogoetak eta esperientziak jasoko dira hiru esparrutan banatuta: ahozkotasuna kulturan, eguneroko jardun berezituetan eta haur munduan. Jardunaldi hauen helburu nagusia da gaurko ahozko ekoizpenak zertan diren jakin, esperientzia eta gogoeten jakintza bildu eta etorkizunerako gakoen proposamenak jasotzea.

Euskararen unibertsoan ahozkotasuna bizi, praktikan jarri eta gogoetatu dena plazaratzera hurbilduko dira jardunaldietarako gonbidatu diren aditu zein esperientziadunak. Ahozkotasuna eta haurren munduaz hitz egingo digute Piter Ansorenak, Gorka Tolosak eta Itziar Rekaldek. Ahozko jardun berezituen gaiaz aritzeko, berriz, Miren Ibarluzea, Joan Kruz Igerabide eta Julian Beloki izango ditugu. Eta kulturgintzaren gogoetak etorriko dira hirugarren egunean, iraganeko argazkitik etorkizunerako gakoak emanaz: Antton Luku, Jose Angel Irigaray eta Lorea Agirre.

Ahozkotasuna bizi duen orori begirako jardunaldia da honakoa, eta bereziki jardunaldiaren edukiak antolatzean gogoan izan dira ahozkotasuna sentiberatasunez landu eta bizi duten irakasleak, kazetari eta komunikatzaileak, sortzaileak, euskara teknikariak eta ikertzaileak.

Ekainaren 21etik uztailaren 16ra arteko epean eman ahal izango da izena jardunaldietarako. Informazio gehiago behar izanez gero, hemen egitarau osoa eta hitzaldien laburpenak.