Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2012/11/07

Abian dira "Ahoa bete hots" jardunaldiak

"Ahoa bete hots" jardunaldiak abiatu dira gaur Villabonako Subijana etxean. Azaroaren 7tik 9ra "euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan" izango da hizpide.

Gaur, azaroak 7, antzerkigintzan ari diren profesionalak aritu dira euskara batua eta euskalkiak antzerkian nola lantzen diren eta nola eragiten duten aztertuz. Bertan izan ditugu Petit Theatre de Pain konpainiako Manex eta Ximun Fuchs, Dejabu Panpin laborategiko Ainara Gurrutxaga eta, besteak beste, Goenkale telesailean ari den Itziar Ituño. Hitzaldiez gain "Juglarea, puta eta eroa" antzezlana eskaini da eta Antzerkizale Elkarteko Julia Marinek gidatutako mahai ingurua izan da.

Mintzola ahozko lantegiaren baitan Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Antzerkizale Elkarteak, Ipuin kontalariak eta Kantuzaleen Elkarteak elkarlanean antolatutako jardunaldiak bihar izango du segida. Bertsogintzatik eta kantugintzatik landuko da gaia. Xabier Amuriza eta Andoni Egañaren hitzaldiak izango dira, Mikel Markezek kantaldi-hitzaldia eskainiko du eta ondoren Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendik gidatutako mahai ingurua izango da.