Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/12/11

40 gazte sortzaile elkartuko dira Ahots Baten sormen egonaldian

Eneko Sagardoy aktorea, Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak, Ines Osinaga musikari eta abeslaria eta Eider Rodriguez idazlea izango dira aurtengo gonbidatuak.

Sara, Gasteiz, Abadiño, Lasarte-Oria, Iruñea, Urruña, Zaldibia… jatorri ugariko gazte sortzaileak bilduko dira aurten ere Ahots Baten sormen egonaldian. Azaroaren 20ra arte eman zitekeen izena eta guztira 15-21 urte bitarteko 42 lagun dira elkartuko direnak. Abenduaren 26tik 30era Zestoako Sastarrain baserri eskolan egongo dira.

Gazteok urtean zehar antzerkia, bertsolaritza, kantua edota literatura lantzen dituzte eta sormen egonaldian ahozko adierazpide horiekin esperimentatu eta ondo pasatzeko aukera izango dute, bidenabar gazte sortzaileen arteko harreman sarea osatuz. Egun bakoitzean adierazpide bat landuko dute eta horretarako gaian aditu eta aritua den norbait joango zaie Sastarrainera: hala, antzerkia lantzeko Eneko Sagardoy Handia filmeko aktorearen bisita izango dute; bertsolaritzaren egunean Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak izango dira beraiekin; kanturako Gose taldeko Ines Osinagarekin izango dira; eta literatura lantzeko Bihotz Handiegia liburua kaleratu berri duen Eider Rodriguez idazlea joango zaie.

Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen ditu sormen egonaldi hauek, Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin eta ipuingintzan aritu eta aditu direnekin lankidetzan. Aurreko urteetan izandako harrera beroak bultzatuta, egonaldia antolatzen den hirugarren aldia da.