Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/07/04

“Gai edozertarako” bertso saio esperimentala egingo dute ostegunean Donostian

Bertsoa Unibertsitatean izeneko egitasmoaren barruan bertsolaritzarekin lotutako hiru ikastaro egingo dira hurrengo astean EHUko Udako Ikastaroetan. “Bertsolaritza eta beste sorbideak” da ikastaroetako bat eta horri amaiera emateko performancea egingo dute ostegunean, hilaren 10ean, Donostiako Miramar Jauregian.

“Gai edozertarako” izenburupean bertso saio esperimentala egingo dute Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariek, Ixak Arruti  musikariaren laguntzaz. Jon Martin bertsolaria izango da gai-emailea. Sorbide ezberdinetan gauzatutakoak gaitzat harturik, honako gaiak izan daitezke: poemak, aforismoak, narrazio laburrak, argazki, komiki, eskultura, zarata, soinu, antzerki esketx, mozorro…

Saioa arratsaldeko 19etan hasiko da Donostiako Miramar Jauregian. Sarrera librea da, baina ezinbestekoa da aurrez gonbidapena eskuratzea. Saiorako gonbidapenak Bertsozale Elkartearen egoitzan eskuratu daitezke, (00 34) 943 694129 telefono zenbakian. Sarrera kopurua mugatua da eta bakoitzak gehienez bi sarrera eskatu ditzake.