Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/07/06

"Eskolak disimulatzen baino simulatzen irakatsi behar du"

Ahozkotasunaren eta gazteen inguruan aritu dira Inma Muñoa, Andoni Egaña eta Itziar Zubizarreta.

Gaur abiatu da Bertsoa Unibertsitatean eskola. Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan ikastaroa izan du abiapuntu, eta horren baitan ahozkotasunearen eta gazteen inguruan aritu dira Inma Muñoa, Andoni Egaña eta Itziar Zubizarreta.

Ikastaroaren zuzendariak, Mintzola Fundazioko Karlos Aizpuruak, eman dio sarrera gaurko saioari. Ahozkotasunean aditua den Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko kideak hartu du hitza jarraian; Ahozkotasuna eta Hezkuntza Arautua hitzaldia eskaini du berak. Ohiturek aldatzera egin duten arren, “ahozkotasuna aparteko zerbait bezala lantzeko joera egon” dela aipatu du, bestelako ikasgaiek denbora utziz gero, tailer osagarri moduko saioen gisan. Ahozkotasunaren lanketa hobetzeko gakoak eman ditu Muñoak bere hitzaldian, “erronka egingarri eta ahalik eta errealenak” ezarri behar direla azpimarratuz eta, horren haritik, aintzat hartu beharreko irizpideetaz eta baliabideetaz aritu da.

Etenaldiaren ondotik, Andoni Egañak hartu du mikroa. “Ahozkotasunean eraginkor aritzeak gero eta garrantzia handiagoa du, baina gero eta urriagoa da gure gaitasuna horretan”, adierazi du belaunaldi berriei erreferentzia eginez. Bere aburuz “eskolak disimulatzen baino simulatzen irakatsi behar du”, izan ere, “uraren konposizio kimikoak ezagutzeak eta besoak mugitzen jakiteak, ez du esan nahi igeri dakigunik” eta honenbestez, ahozko diskurtsoaren trebakuntza hura bera eginez hobetzen dela azaldu du. Alde horretatik bertsolaritzak ematen dituen baliabideak nabarmendu ditu Egañak: besteak beste, “dialektikarako gaitasuna landu daiteke gazteekin eskolan”, posizio batean edo bestean, arrazoiak aurkitzera eta horietatik diskurtsoa sortzera eramaten baitu bertsolaritzak norbanakoa.

Itziar Zubizarretak itxi du gaurko saioa, ahozkotasunaren lanketarako ipuingintza baliatuz. Entzuten ikasi, kontatzen ikasi: ipuingintza eta hizkuntza saioari binaka egin beharreko tailer batekin heldu dio; Txanogorritxoren ipuina landu dute bertaratutakoek.

Bihar izango du jarraipena

Kantagintzaren transmisioa izango du hari gidari biharko saioak. Jaione Eskuderok zabalduko du hitzaldi sorta, Musika eta kantua txikienetik nagusienetara hitzaldiarekin. Ondoren, ariko dira Itziar Irigoien eta Marie Hirigoien Kanta kontuetan eta Ekialdeko euskal kantaera hitzaldiekin, hurrenez hurren. Goizeko saioarekin amaitzeko, mahai ingurua egingo dute hiru parte-hartzaileek kantagintza zer eta nola transmititu eztabaidatuz. Arratsaldean, 18:30ean, performancea burutuko dute Ainhoa Ansa kantariak eta Igor Elortza eta Uxue Alberdi bertsolariek. Saioa doakoa da, eta beraz, ikastaroan matrikulatu gabe dauden interesdunak ere ager daitezke.