Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/09/01

2014 Ahoa Bete Hots jardunaldi arrakastatsuak

Bosgarren urtez jarraian antolatu ditugu Ahoa Bete Hots jardunaldiak. Antzerki, kantu, ipuin eta bertso munduko borondatezko ordezkariek osatu batzordeak diseinatu zuen egitasmoa; Mintzolaren bidez gauzatzeko gero. Eta jardunaldiotan ikusiak ikusi, zein ikasleen balorazioa orriak aztertu ondoren, jardunaldi arrakastatsuak izan direla onartu behar dugu; harrokeriarik gabe, baina poz-pozik.

“Esan berriz esan” izan dute lelotzat jardunaldiok. Eta ahozko generoen transmisioa izan dute gai nagusia. Hala ere, hiru izan dira ildoak: ahozko generoen kontzientziaren garrantzia; ahozko generoen transmisioari buruzko lekukotasun nabarmenak eta ahozko generoen transmisioari buruzko saio edo performanceak, horiek guziak Mintzolaren egoitzan bertan.

Orain arteko kopururik handiena izan da matrikulan: 27 lagun; Euskal Herriko herrialde ezberdinetakoak gainera. Eta haiengandik jasotako galdetegiaren erantzunen arabera oso pozik geratu dira jardunaldietan jasotakoarekin, oso balorazio ona egin baitute.

Ikasleen iritzi eta iruzkinek gure ustea sendotu dute. Ahoa Bete Hotsen 5. edizioa izan da  osoena eta emankorrena. Hitzaldiekin pentsatu eta asko ikasteko aukera izan da. Esperientzia pertsonalekin ikasi eta gozatu da. Mahai-inguruetan hizlariek ez ezik ikasleriak ere parte hartu du, galdera egiten zein iritziak adierazten. Eta performanceekin, gozatu eta emozioa partekatu da.

Beste datu interesagarri bat, hainbat herrialdetako jendeak parte hartu duela da, bai hizlari gisa, bai ikasle gisa. Eta horrek ere, jardunaldi aberatsagoak eragin ditu; ikuspegi zein errealitate diferenteen partekatzeko aukera izan delako: gipuzkorrak ez ezik, izan dira bizkaitarrak, arabarrak eta lapurtarrak. Akademiatik landako giroan ere nabaritu da hori guzia. Kafe garaian bezala, bazkari jendetsuetan; ideien arrago eta proiektuen harrobi, zein harreman sakonagoen abiapuntu izan diren otorduetan.

Izandako hitzaldien idazketa, bilketa eta argitalpen lanetan gabiltza orain. Okerrik ez dela laster izango dituzue www.mintzola.com en hitzaldiak transkribaturik. Edo gutxienez, hitzaldi jakin bakoitza laburbiltzen duen artikulua.