2013ko Bertsolari Txapelketako liburua eta diskoa argitaratu dira
BTN13ri buruzko liburuak 14 iritzi dakartza. Bertsolari Txapelketa Nagusi baten liburuan sekula ez da hainbeste iritzi bildu, are gutxiago hainbeste esparru ezberdinetatik eman iritzia.
Besteak beste Mintzola Fundazioarekin auzolanean ari diren ikertzaileek eman dute iritzia. Ikertzaile bakoitzak bere ikerketa esparruaren arabera egin du analisia:
Jone Miren Hernandez, EHUko antropologia irakaslea: Emakumea/Txapelketa
Xabier Paia, Ikertzailea: Ahozko / idatzizko erregistr.
EHUko IXA TALDEA: 1986-2013 TN-en estatistikak
- Manex Agirrezabal, Ikertzailea
- Bertol Arrieta, EHUko informatika irakaslea
- Aitzol Astigarraga, Ikertzailea
- Mans Hulden, Ikertzailea
Teresa Del Valle, EHUko antropologia irakasle ohia: Hitzak eta lekuak
Jexux Larrañaga, Ikertzailea: Jokoa eta jolasa
An. Falcó Chr. Simelio, Kataluniako inprobisatzaileak: Atzerriko begiez BTN13ri so
Pere Bescós, Ikertzailea: BEC / Iliada
Olatz Mitxelena, Komunikazioan gradua: BTN13 / ideologia
Pio Perez, EHUko fil. irakaslea: Performancea / emozioak
Aldez edo moldez beste bost ADITU aritu dira bertsogintzaz. Txapelketa hasi aurretik, aniztasunaren trataeraz aritu zen Arkaitz Goikoetxea (itzultzailea). Kanporaketetako bertsogintza Xabier Sukiak (kazetaria) aztertu du. Finalerditakoa Gorka Azkaratek (bertso eskolako irakaslea) jorratu du. Eta Joxerra Garziak (bertsolaritzan aditua) berriz, finalekoa analizatu du. Txapelketondoan Andoni Egañak Txapelketari buruz idatzi du oro har, bertsogintzaz ere bai.
BTN13an zehar erabili diren doinuen azterketa, identifikazioa eta sailkapena egin dute Joanito Dorronsorok eta Martin Aramendik: horien berri ere badakar liburuak, pentagrama eta guzti. 6 doinu eta 3 neurri berri identifikatu dira, eta jadanik XDZren baitako doinutegian, BDBn, txertatu dira.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua 20 eurotan eskura daiteke www.lanku.com atarian eta ohiko liburu dendetan. Bertsozale Elkarteko bazkideek 15 eurotan eskuratu ahalko dute.