Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zenbait ikerketa

Asko dira ahozko kultur sorkuntzaren eta, bereziki, bertsolaritzaren inguruan martxan dauden ikerlanak; eta beste horrenbeste helduleku, horietako bakoitzak abiapuntutzat hartzen duen jakintza esparrua aintzat hartzen badugu. Horietako batzuk dira hauek.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak babesten dituzte hemen zerrendatutako ikerketetako batzuk. Beste ikertzaile zenbaiti aholkularitza zerbitzua eskaini eta eskaintzen zaie, Xenpelar Dokumentazio Zerbitzuak eman ditzakeen baliabideen bitartez, besteak beste.

[EGUNERATZEN]

Doktoregai tesiak

[AURKEZTUA] Bertsolaritzaren Historia: Hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat :: Antxoka Agirre Maiora
Bertsolaritzaren presentzia mediatikoa oinarri duen lana da. Hedabideratze hori aztertzerakoan, bestelako zenbait alderdi ere landu ditu ikertzaileak; hainbat hedabidetan arakatu eta aurkitutako testuak biltzen lan handia egiteaz gainera, bildutako hori kokatzeko, testuingurua bera ere aztertu baitu halabeharrez.
>> [Albistea] Bertsolaritzaren hedabideratzeari buruzko tesia, aurkeztuta

Antxoka Agirrek bere lanaren pasarteetako bat azaldu zuen 2019ko Mintzolako mintegian, garai bateko emakume bertsolarien presentzia mediatikoan arreta jarrita.

[AURKEZTUA] Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak :: Miren Artetxe Sarasola
Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu eta bertso-eskoletan garatu dituzten praktikak eta diskurtsoak behatu ditu. Hiztun berriei ere jarri die arreta ikerlanak.
UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzolak banatutako eta unibertsitateko Euskararen eta Ikerketaren Alorreko Errrektoreordetzek lagundutako ikerketa kontratua eskuratu zuen Miren Artetxek 2013an.
>> [Albistea] Gazte eta hizkuntza identitatea gozamenetik eraikitzen

Ahots kantatuaren sintesia. Bertsolaritzarako egokitzapena :: Xabier Sarasola Aramendia

Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunean :: Eñaut Agirre Goia
Garai bateko bertsolarien eta egungoen ahozko ezaugarriei erreparatuko die Agirrek. "Xenpelar, Txirrita eta Maialen Lujanbio bertsolarien ezaugarri horiek aztertu nituen. Hasieran espero litekeena baino alde gutxiago dagoela ikusi dut, eta horrek beste bide batzuk irekitzen ditu: ezaugarri horiek gehiago zehaztu beharra eta beste bertsolari batzuk ere aztertzekoa" [ikus behean dagoen bideoan].


Ainhoa Aizpurua, Oihana Iguaran, Miren Artetxe eta Eñaut Agirre beren lanen berri ematen.

Bertsoaren Agenda. "Agenda setting"ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina :: Oihana Iguaran Barandiaran
Bertso bidezko diskurtsoak zein agenda duen deskribatzea da asmoa, prestakuntza edo entrenamendu unetik jendaurreko azken bat-bateko jardueraraino ikertuz. Txapelketa eta plaza irekiko jarduna behatuko da batetik; bestetik, bertsolari eta gai-jartzaileen lanketa ezagutzeko, inkestak eta sakoneko elkarrizketak baliatuko dira: "komunikazioan agenda setting izena duen teoria aplikatu nahiko nuke, bertsogintzan ikusteko diskurtso horrek nola heltzen dion aktualitateari" [ikus goian dagoen bideoan].

Bertsolaritza doinuan sorkuntza automatikoa :: Izaro Goienetxea Urkizu

Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia :: Jon Martin Etxebeste

"Xabier Lete eta bere diskografiaren azterketa literarioa egiten ari naiz. Bertsoak sekulako eragina izan du bere poetikan eta Leteren letrek eta doinuek ere sekulako eragina izan dute bertsolaritzan; elkarrekintza horri buruz eta Leterengan eragina izan zuten beste poeta batzuren eta orduko garai historikoaren inguruan ere ari naiz" [ikus behean dagoen bideoan]


Ane Labaka, Itziar Navarro, Jon Martin eta Beñat Krolem beren lanen berri ematen.

Bestelako ikerketa lanak

Bertsolaritza nerabezaroan hezteko tresna gisa :: Garazi Navarro (gradu amaierako lana)

Bertsolaritzaren ikas-irakaskuntza hezkuntza arautuko hirugarren zikloan: didaktikarako eta irakasleen formaziorako proposamena :: Mikel Artola (master amaierako lana)

Gerra karlistetako bertsoen analisia :: Iker Uriarte (gradu amaierako lana)

Orain arte garatutako ikerketa gehiago behatu nahi izanez gero, sartu Xenpelar Dokumentazio Zentroaren liburutegira