Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa proiektu sariak 2020

Antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat aztergai duten bi proiektu sarituko ditugu UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta MIntzola Ahozko Lantegiak.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute, beste helburu batzuen artean, hala Mintzola Ahozko Lantegiak nola Mikel Laboa Katedrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-giroaren testuinguruan.

Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta, hain zuzen, bide horretan laguntzea eta, unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua. Lehenengo urratsen garrantziaz oharturik, ikerlan-proiektuen kalitatea ebaluatu eta sarituko da deialdi honetan, sinesten dugulako unibertsitate-irakasle batek bermaturiko proiektuak kalitate ona duenean, ikertzaile hasiberriaren oinarriak sendoak izango direla.

Deialdi honetan, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin, horien ikergai nagusia antzerkigintza, kantugintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat bada, nahi den jakintza-alorretik ikertua. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: deialdi publikoa argitaratzea ikergai nagusia antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat (edozein jakintza-alorretatik aztertua) duten master-amaierako lanen proiektuak nahiz ikerketa-lan monografikoen proiektuak egiteko bi dirulaguntza esleitzeko.

[DESKARGATU INFORMAZIOA PDFan]