Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa proiektu sariak 2019

2.000 euroko bi dirulaguntza eskainiko ditugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat ikertzeko helburua duten lanentzat.

Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego tesiraino eramango duen bidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta, hain zuzen, bide horretan laguntzea eta unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua. Master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin, eta unibertsitate irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Lehenengo urratsen garrantziaz oharturik, hain justu, ikerlan proiektuen kalitatea ebaluatu eta sarituko da deialdi honetan; sinesten dugulako unibertsitateko irakasle batek bermaturiko proiektuak kalitate ona duenean, ikertzaile hasiberriaren oinarriak sendoak izango direla.

Laburbilduz, beraz, xedea honako hau da: deialdi publikoa argitaratzea ikergai nagusia antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat (edozein jakintza alorretatik aztertua) duten master amaierako lanen nahiz ikerketa lan monografikoen proiektuak egiteko 2.000 euroko bi dirulaguntza esleitzeko.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute, beste helburu batzuen artean, hala Mintzola Ahozko Lantegiak nola Mikel Laboa Katedrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) arteko lankidetza giroaren testuinguruan.