Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa kontratua 2019

Doktorego aurreko kontratua eskaintzen dugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUk.

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) arteko lankidetzari esker sorturiko ikerketa kontratu honen helburu nagusia euskaraz egiten den ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da; esan nahi baita, antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide baten ikerketa sustatzea.

Euskal Herriko Unibertsitatearen parte-hartzea Mikel Laboa Katedraren eta Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez gauzatu da. UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, bestalde, bere zereginen artean du artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obrari buruzko doktorego tesiak sustatzea, eta bere egitasmoan zehazten du bertsolaritzari, musikari eta dantzari arreta berezia eskainiko zaiola.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: Mintzola Ahozko Lantegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea euskarazko antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bati buruzko doktorego tesia egitea helburu duten doktorego aurreko kontratu bat formalizatzeko UPV/EHUn.

2019ko deialdian, doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen/dituen arestian aipatutako ahozko kultur sorkuntza(k), baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker lerroak.