Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

UPV/EHUko Uda Ikastaroak

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroek elkarlanean antolatzen dituzte udan ahozko kultur sorkuntza eta, bereziki, bertsolaritza mami dituzten eskolak.

Hainbat ikertzaile ari dira bertsolaritza eta ahozkotasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertzen, eta ziklo eta jardunaldion helburua da gai horien transmisioa egitea eta etorkizuneko ikerketak abiatzeko hari muturrak ematea.

Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika

Uztailaren 9an eta 10ean gauzatuko dugu ikastaroa. Hezkuntza arautuan ahozkotasunaren didaktikan aritzeko hainbat modu daude, eta ikastaroan horietako zenbait ikuspegi aurkeztu eta kontrastatuko ditugu. Ahozko kultur sorkuntza lantzea, egitea eta gozaraztea bada-eta ikasleak ahozko komunikazioan trebatzeko eta zaletzeko modua.

Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika (2020)

Egungo egoerak ere ekarri du berrikuntzarik eta ikastaroan izena bi modutara eman daiteke: bi eguneko eskola Miramar Jauregian bertan jarraitzeko, osasun neurriak zainduta eta neurri horiek bermatzeko kopuruak mugatuta; edota online jarraitzeko. Presentzialerako 77 euro ordainduko da matrikula, eta online jarraitzeko, 65. Bestelako prezio murriztuak ere eskaintzen dira.

Egitaraua [DESKARGATU]

Eman izena:

 

Aurreko edizioak

2014an antolatu zen lehenengo aldiz. Hiru ikastaro eskaini ziren. Bertsolaritza eta beste hiru esparruren arteko harremanen berri eman zen hiruretan: Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan, Bertsolaritza eta beste sorbideak eta Bertsolaritza eta gaurko gizartea.

Bertsoa Unibertsitatean 2014

  • Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan
  • Bertsolaritza eta beste sorbideak
  • Bertsolaritza eta gaurko gizartea

 

2015ean bigarren aldiz antolatu zen Bertsoa Unibertsitatean. Bi ikastaro eskaini ziren. Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan ikastaroa, arreta batez ere kantagintzan jarriz, eta Bertsolaritzaren bidegurutzeak izenekoa, bertsolaritzaren erronkei hiru talaia ezberdinetatik begiratuz: ideologiaren esparrutik, transmisiotik eta ikerkuntzatik.

Bertsoa Unibertsitatean 2015

  • Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan
  • Bertsolaritzaren bidegurutzeak

 

2016ko uztailean bertsolaritza ere izan zen UPV/EHUko Uda Ikastaroetan: Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketaren harira aste osoko jardunaldiak izan ziren Miramar Jauregian.

Europa bat-batean

  • Kantu inprobisatuen deskribapenak
  • Kantu inprobisatuen transmisioa
  • Kantu inprobisatua eta generoa
  • Kantu inprobisatua munduan
  • Kantu inprobisatua eta hizkuntza gutxituak

 

2017ko abuztuan, Bertsolarien kantaera eta sormena izeneko eskola eskaini genuen; abuztuaren 24an eta 25ean, zehazki. Hiruna hizlari izan ziren egun bakoitzean, eta jardunaldia biribiltzeko mahai-ingurua amaieran. Bertsolarien kantaeraz aritu ziren lehen egunean Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio; eta, bigarren egunean, bertsolarien sormena izan zen ardatz, Eñaut AgirreOihana Iguaran eta Jon Martin gidari zirela.

 

2019ko abuztuaren 22an eta 23an izan zen Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izeneko eskola. Zer kultura da euskaraz kontsumitzen duguna? Nola transmititzen da euskal kultura? Nolakoa da horren baitako bertsozalea? galdera horiek eta bidean ateratakoak erantzuten ahalegindu ginen. Bidelagun izan genituen Alberto Irazu, Harkaitz Zubiri, Iratxe Retolaza, Jon Maia, Josu Amezaga, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran, besteak beste.