Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

UPV/EHU Uda Ikastaroak

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroek elkarlanean antolatzen dute Bertsoa Unibertsitatean zikloa. Bost urtetarako elkarlana adostua dute Mintzolak eta UPV/EHUko Uda ikastaroetako zuzendaritzak.

Hainbat ikerlari ari dira bertsolaritza eta ahozkotasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertzen, eta ziklo eta jardunaldion helburua da gai horien transmisioa egitea eta etorkizuneko ikerketak abiatzeko hari muturrak ematea.

Euskal Kulturari So. Bertsolaritzaren Artikulazioak

2019ko abuztuaren 22an eta 23an izango da Mintzolaren hurrengo ikastaroa, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Eman izena orain, HEMEN!

 

Zer kultura da euskaraz kontsumitzen duguna? Nola transmititzen da euskal kultura? Nolakoa da horren baitako bertsozalea? galdera horiek eta bidean ateratzen direnak erantzuten ahaleginduko gara. Bidelagun izango ditugu Alberto Irazu, Harkaitz Zubiri, Iratxe Retolaza, Jon Maia, Josu Amezaga, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran, besteak beste.

Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izeneko eskola eskainiko dugu. Ikusi egitaraua, irudian sakatuta.

Euskal Kulturari So. Bertsolaritzaren Artikulazioak (2019)_Liburuxkaren azala

 

Aurreko edizioak

2014an antolatu zen lehenengo aldiz. Hiru ikastaro eskaini ziren. Bertsolaritza eta beste hiru esparruren arteko harremanen berri eman zen hiruretan: Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan, Bertsolaritza eta beste sorbideak eta Bertsolaritza eta gaurko gizartea.

Bertsoa Unibertsitatean 2014

  • Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan
  • Bertsolaritza eta beste sorbideak
  • Bertsolaritza eta gaurko gizartea

2015ean bigarren aldiz antolatu zen Bertsoa Unibertsitatean. Bi ikastaro eskaini ziren. Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan ikastaroa, arreta batez ere kantagintzan jarriz, eta Bertsolaritzaren bidegurutzeak izenekoa, bertsolaritzaren erronkei hiru talaia ezberdinetatik begiratuz: ideologiaren esparrutik, transmisiotik eta ikerkuntzatik.

Bertsoa Unibertsitatean 2015

  • Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan
  • Bertsolaritzaren bidegurutzeak

2016ko uztailean bertsolaritza ere izan zen UPV/EHUko Uda Ikastaroetan: Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketaren harira aste osoko jardunaldiak izan ziren Miramar Jauregian.

Europa bat-batean

  • Kantu inprobisatuen deskribapenak
  • Kantu inprobisatuen transmisioa
  • Kantu inprobisatua eta generoa
  • Kantu inprobisatua munduan
  • Kantu inprobisatua eta hizkuntza gutxituak

2017ko abuztuan, Bertsolarien kantaera eta sormena izeneko eskola eskaini genuen; abuztuaren 24an eta 25ean, zehazki. Hiruna hizlari izan ziren egun bakoitzean, eta jardunaldia biribiltzeko mahai-ingurua amaieran. Bertsolarien kantaeraz aritu ziren lehen egunean Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio; eta, bigarren egunean, bertsolarien sormena izan zen ardatz, Eñaut AgirreOihana Iguaran eta Jon Martin gidari zirela.