Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

UNIbertsoan

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzak elkarlanean atondutako egitasmoa da.

Bertsolaritzak ikerkuntzan eta unibertsitatean lekua indartzeko helburua du UNIbertsoan egitasmoak. Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzak sustatua, ikerketari loturiko hitzaldia eta bertso-emanaldia hartzen ditu aintzat.

2015eko abenduan abiatu zen. Lehen saio hartan, Karlos Aizpuruak Mintzolaren ikertegiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen eta ondoren, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan.

Geroztik, 2016ko amaiera bitarte, beste bi saio egin dira: bata 2016ko apirilean eskaini zen, Europa bat-batean kulturarteko egitasmoko saio batekin uztartuz: Euskal Herriko inprobisatzaileak, Sardiniakoekin, Kataluniakoekin eta Kurdistangoarekin aritu ziren kantuan. Bestea, 2016ko abenduan; Beñat Krolemek bertsolaritzaren eta irudiaren gaineko hitzaldia eman ondoren, Bertso marraztuak emanaldia izango da ikusgai Amets Arzallus, Alaia Martin eta Unai Gaztelumendiren eskutik.