Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Abian dauden ikerketak

Asko dira bertsolaritzaren inguruan martxan dauden ikerlanak, eta beste horrenbeste helduleku, horietako bakoitzak abiapuntutzat hartzen duen jakintza esparrua aintzat hartzen badugu.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak babesten dituzte hemen zerrendatutako ikerketetako batzuk (* batekin daude adierazita horiek). Beste ikertzaile zenbaiti aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie, Xenpelar Dokumentazio Zerbitzuak eman ditzakeen baliabideen bitartez, besteak beste.

Doktoregai tesiak

Ahots kantatuaren sintesia. Bertsolaritzarako egokitzapena :: Xabier Sarasola Aramendia

* Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunean :: Eñaut Agirre Goia
Garai bateko bertsolarien eta egungoen ahozko ezaugarriei erreparatuko die Agirrek. "Xenpelar, Txirrita eta Maialen Lujanbio bertsolarien ezaugarri horiek aztertu nituen. Hasieran espero litekeena baino alde gutxiago dagoela ikusi dut, eta horrek beste bide batzuk irekitzen ditu: ezaugarri horiek gehiago zehaztu beharra eta beste bertsolari batzuk ere aztertzekoa" [ikus behean dagoen bideoan].


Ainhoa Aizpurua, Oihana Iguaran, Miren Artetxe eta Eñaut Agirre beren lanen berri ematen.

Bertsoaren Agenda. "Agenda setting"ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina :: Oihana Iguaran Barandiaran
Hedabideek sortzen duten albistearen eta bertsoaren baitan sortzen den diskurtsoaren arteko harremana ikertuko du: "komunikazioan agenda setting izena duen teoria aplikatu nahiko nuke, bertsogintzan ikusteko diskurtso horrek nola heltzen dion aktualitateari" [ikus goian dagoen bideoan].

Bertsolaritza doinuan sorkuntza automatikoa :: Izaro Goienetxea Urkizu

Bertsolaritza eta emakumea :: Jone Miren Hernández García

Bertsolaritza eta irudia :: Beñat Romera del Cerro (Beñat Krolem)
"Bat-batekotasuna eta artea hartzen ditu bere baitan nire tesiak; ahozko inprobisazioa eta bisuala ditut gai. Proiektuak idatzizko alderdia eta alde bisuala edo praktikoa ditu; azken hau Oholtza izeneko proiektuan gauzatzen ari naiz" [ikus behean dagoen bideoan].

Bertsolaritza eta kazetaritza :: Antxoka Agirre Maiora
"Bertsolaritzan presentzia mediatikoaren historia egitea izan da asmoa. Deigarria egin zait historia horrek duen soka zein luzea den ikustea; esate baterako, 1823an egin zen bertsolaritzaren inguruko lehen aipamena prentsan eta euskarazko lehen testua 1834an argitaratu zen prentsan. Sinadurei begiratuz gero, ikusten da garai bakoitzeko bertsolaritzaren eragile nagusienekin bat datozela" [ikus bideoa hemen sakatuta].

Bertsolaritzaren prosodia :: Ainhoa Aizpurua Insausti
"Prosodia da hizkuntzaren musika, ahozkotasunaren funtsa: erritmoa, entonazio-egiturak, intentsitate aldaketak... hartzen ditu bere baitan eta hori bertsotan nola sortzen den aztertuko dut. Eta, era berean, bertsoak berak euskararen prosodiari buruz agertzen duena behatzea" [ikus goian dagoen bideoan].

Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea :: Miren Artetxe Sarasola
Iparraldeko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza portaera eta, batez ere, horren gainean gazteok duten diskurtsoa aztertu du eta bertso-eskolak horretan duen eragina. "Bigarren fasean, bertso mundura begira jarri naiz. Bertsolaritzak berak badu hizkuntza ideologia bat eta ideologia horren baitan sozializatzen da bertso-eskolan dabilena" [ikus goian dagoen bideoan].

* Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia :: Jon Martin Etxebeste
"Xabier Lete eta bere diskografiaren azterketa literarioa egiten ari naiz. Bertsoak sekulako eragina izan du bere poetikan eta Leteren letrek eta doinuek ere sekulako eragina izan dute bertsolaritzan; elkarrekintza horri buruz eta Leterengan eragina izan zuten beste poeta batzuren eta orduko garai historikoaren inguruan ere ari naiz" [ikus behean dagoen bideoan]


Ane Labaka, Itziar Navarro, Jon Martin eta Beñat Krolem beren lanen berri ematen.

Bestelako ikerketa lanak

Bertsolaritza nerabezaroan hezteko tresna gisa :: Garazi Navarro (gradu amaierako lana)

Bertsolaritzaren ikas-irakaskuntza hezkuntza arautuko hirugarren zikloan: didaktikarako eta irakasleen formaziorako proposamena :: Mikel Artola (master amaierako lana)

Gerra karlistetako bertsoen analisia :: Iker Uriarte (gradu amaierako lana)

Orain arte garatutako ikerketa gehiago behatu nahi izanez gero, sartu Xenpelar Dokumentazio Zentroaren liburutegira