Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Mundu bat ahoz aho" dokumentala

Munduko kantu inprobisatuen inguruko ikus-entzunezkoa da.

Mendez mende, idatziz transmititu izan da herri baten historia ofiziala. Baina historia ofizialaren ertzetan badira bestelako ahots batzuk ere, ahoz aho hedatzen direnak eta inprobisatu diren leku eta momentu horri dagozkionak. Kantu inprobisatuak forma eta ahots ugari hartzen ditu munduko bazter bakoitzean. Baina, XXI mendean ere, zenbait gizartetan behar-beharrezkoa da liburuetan agertzen ez diren begiradak adierazteko.

Hasi Euskal Herritik eta Mexikora; Sardiniatik Kurdistanera, inprobisatzaile bakoitzak bere izaera emango dio kantu inprobisatuari; eta kantu inprobisatuak munduari begiratzeko talaia berezi bakoitzaren berri emango digu. Kantua ardatz hartuta, kultura ofizialean agertzen ez diren ahotsetan barrena bidaiatuko dugu dokumental honetan, eta, bide batez, kultura bakoitzak emakumearen presentziaz eta transmisioaz daukan ikuspegiaren berri izango dugu, sortzaileen bizipen pertsonalen eta hausnarketen bidez.

Zuzendaria: Beñat Gaztelumendi. Mintzola Ahozko Lantegiak garatua eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzia.

  • Zure herrian proiekzioa antolatu nahi? idatzi helbidera edo deitu 943.26.07.55 zenbakira.
  • DVD eskuratu nahi izanez gero, sartu www.lanku.eus atariko dendara.