Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ahozko Inprobisazioa Munduan (2003)

Donostian eta Bilbon egin ziren 2003ko azaroan.

Bertsozale Elkarteak antolatutako topaketak izan ziren, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Departamendua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta BBK laguntzaile zituela. Donostian eta Bilbon egin ziren 2003ko azaroan, eta bi dimentsiotan bereizitako ahozko inprobisazio kantatua izan zuten gai nagusi. 

Alde batetik, munduko kontinente desberdinetako ahozko inprobisazio kantatuaren hainbat lekuko ezagutzeko parada eskaini zen, eta bakoitzaren hizkuntza, zertzelada eta berezitasunekin. Bestetik, eta oro har, ahozko inprobisazioaren azterketan aurreratzeko ahalegina egin zen, bereziki inprobisazio kantatuan sakonduz, berau ulertzeko esparru teoriko bat garatu, egungo gizarteetan irauteko dituen aukerak aztertu eta egin ditzakeen ekarriak zehaztuz.

Gogoeta teoriko honek ondoko ardatz nagusi hauek garatu zituen:

  1. Ahozkotasunaren egoera oro har gaur egungo gizarteetan. Generoak eta modalitateak.
  2. Ahozkotasunaren antropologia. Ahozko performantzea.
  3. Ahozko inprobisazio Kantuaren barne-mekanismoak: mugak eta estrategiak.
  4. Munduko bat-bateko ahozko esperientzien aurkezpena.
  5. Inprobisazioaren etorkizuna: iniziatiben proposamenak.