mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zipreko ahotsak ezagutuko ditugu lehen egunean

Uztailaren 11n abiatuko ditugu Europa bat-bateanen baitako jardunaldi akademikoak: lehen egunean, Herrialde Katalanetako, Austriako, Murtziako, Zipreko eta Brasilgo kantu inprobisatuen inguruan ariko gara.

UNESCOko ondare ez-materialaren izendapena duen tsiattista artea ezagutuko dugu uztailaren 11n, Europa bat-bateanen baitan egingo diren jardunaldi akademikoetan. Giorgios Siaxiate zipretarrak The Cypriot voices hitzaldia eskainiko du. Siaxiate kazetari eta Ktima folklore elkarteko ordezkariak tsiattista eta jatorri zipretarra duten kantu inprobisatuko beste forma batzuk aurkeztuko dizkigu. Bakoitzaren ezaugarriak eta adibideak erakusteaz gainera, Zipren kokatuko gaitu, bereziki Pafos hirian, han kantu inprobisatuak duen lekua ezagutaraziz. Pafos izango da, hain zuzen, 2017ko Europako Kultur Hiriburuetako bat.

Aurrez Herrialde Katalanetako, Austriako eta Murtziako kantu inporbisatuen berri jasoko dugu. Josep Vicent Frechinak zabalduko du eguneko hitzaldi sorta Cruïlla de camins: tradició i modernitat en la cançó improvisada dels Països Catalans hitzaldiarekin.  Mediterraneoko musika eta kultura herrikoian aditua da Frechina eta gaiaren inguruko zenbait argitalpen osatuak ditu. Thomas Nußbaumerrek hartuko du hitza gero. Music University Mozarteum Salzburgeko etnomusikologoak gstanzln kantu inprobisatu austriarraren berri emango digu. Hain zuzen, Zipreko eta Herrialde Katalanetako adierazpideen antzera, Austriako gstanzln kantu inprobisatua ezagutzeko aukera izango dugu astean zehar arratsaldez izango diren emanaldietan. Lehen atsedenalditik bueltan, José Sánchez Conesak Murtzian darabilten trovoa ezagutaraziko du; antropologoak trovoak jatorritik globalizazioraino egin duen bidea egitera gonbidatuko gaitu.

Hitzaldiak amaitzeko, Thierry Rougier aditu frantziarra Brasilgo ipar-ekialdeko kantu inprobisatuaren inguruan ariko zaigu. Herrialdearen urbanizazio prozesuari loturik, kultura herrikoiak eta kantu inprobisatuak izan duen bilakaeraren inguruan hausnartuko du Bordeaux Montaigne unibertsitatetik datorren adituak.

Oholtza erakusketa

Beñat Krolemek Oholtza bertsolaritzaren inguruko erakusketa jarriko du ikusgai Miramar Jauregian. Lehen egunean egileak berak aurkeztuko du erakusketa, hitzaldiak amaitu eta gero. Ondoren, aste guztian zehar izango da ikusgai. Krolemek Laboa Katedrarekin batera Mintzolak esleitutako proiektu saria eskuratu zuen eta haren fruitua da Oholtza.

Jardunaldiak uztailaren 11tik 15era izango dira Miramar Jauregian, 09:00etatik 13:30era, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Matrikulatzeko epea zabalik dago jada uztailaren 6ra bitarte, www.uik.eus atarian sartuta: bost egunetarako zein egun baterako eman daiteke izena.

Matrikularako lotura

Erlazionatutako elementuak
2016ko uda: Jardunaldi akademikoak