mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Munduko kantu inprobisatuetan murgiltzeko prest? Izen-ematea, zabalik

Uztailaren 11tik 15era bitarte hitzaldi, mahai-inguru eta proiekzio zein erakusketa interesgarriak izango dira Miramar Jauregian, Europa bat-batean egitasmoaren eskutik. Jardunaldi akademiko horietan matrikulatzeko epea zabalik da uztailaren 6ra arte.

Hirugarren urtez jarraian UPV/EHUko Uda Ikastaroetan izango da Mintzola Ahozko Lantegia; oraingoan, ordea, astebete osorako plana eskainiko du Europa bat-batean egitasmoaren baitan, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin eta UPV/EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean.

Uztailaren 11n hasi eta 15era bitarte izango dira jaldunaldi akademikoak, 09:00etatik 13:30era. Egun bakoitzean gai bati loturiko lanketa egingo da, hitzaldi, ikus-entzunezko proiekzio eta mahai-inguru formatuan: munduko kantu inprobisatuaren loturiko azalpenak jasoko dira, munduan duten presentziaren inguruan hitz egingo da eta baita belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren, genero ikuspegiaren eta hizkuntza gutxituen gainean ere.

Jardunaldi akademikoetan izena emateko epea zabalik da jada; uztailaren 6ra arte izango daukera, www.uik.eus webgunean. 5 egunetarako zein egun solteetarako matrikula daiteke: 80 euroan eman daiteke izena aste osorako, eta 25 euroan egun baterako.

Matrikularako lotura

 

Mundu guztiko adituak, bost egunetan

Gai horien inguruan hausnarketa egiteko mundu osoko adituak gonbidatu dira: Euskal Herriko inprobisazioaz hitz egingo duten ikertzaileez gain, Herrialde Katalanetako, Galiziako, Murtziako, Austriako, Kareliako, Txipreko, Galesko, Estatu Batuetako, Kubako, Mexikoko eta Brasilgo inprobisazioa ezagutuko ditugu.

Besteak beste, Thierry Rougier Bordeaux Montaigne unibertsitateko antropologia eta musika irakaslea Brasilgo iparraldean egiten den kantu inprobisatuaz ariko zaigu eta Thomas Nussbaumer Music University Mozarteum Salzburgeko etnomusikologo eta doktoreak Austriako gstanzln adierazpidea ezagutaraziko digu. Ruth Finnegan antropologo britainiarrak eta The Open Universityko Gizarte Zientzietako emeritus irakasleak ahozko literatura genero gisa aitortua izateko bultzada handia emandakoa da, eta gurean izango da; uztailaren 14an What is oral about poetry? hitzaldia eskainiko du.

Beti ere kantu inprobisatuarekin lotuta, gai berezituagoetan ere murgilduko dira saioak. Asteazkenean, esate baterako, generoan sakonduko da. Egun horretarako etorriko dira Estatu Batuetatik Treva Lindsey eta Brittney Cooper: biak Emakume eta Genero ikasketetan adituak dira, bereziki feminismo beltzaren arloan. Sustraia tradizioan duen kantu inprobisatuaren eta gaur egun horrenbeste zabaldutako hip hop mugimenduko rap eta poetry slamaren arteko bideaz ariko zaizkigu, horietan genero ikuspegiak izan duen bilakaera aztertuz. Ostiralean, aldiz, hizkuntza gutxituak izango dira hizpide; egun horretan hizlarien artean izango dugu Aberystwyth Universityk datorren Eurig Salisbury. Inprobisatzaile eta ikertzaile galestarrak euren hizkuntzaren eta inprobisazioaren arteko lotura bistaraziko digu.

Proiekzio, erakusketa, mahai-inguruak…

Hitzaldiez gain, bestelakoak ere eskainiko dira uztailaren 11tik 15era bitarte. Roser Texidoren Glosadors filma ikusteko aukera izango da, egilea bertan dela; Mintzolak eta Laboa Katedrak esleitutako proiektu sarietako bat eskuratu zuen Beñat Krolemen Bertsolaritza eta irudia erakusketa aste guztian izango da zabalik; eta emakume inprobisatzaileen inguruko esperientziak ezagutzeko zein hizkuntza gutxituen inguruan hausnartzeko mahai-inguruak izango dira. Bestalde, ostegunean, Mintzola Ahozko Lantegiak sustatutako Kulturartea Mapa datu basea aurkeztuko da.

Zertarako itxaron orain egin badezakezu... matrikula zaitez lotura hau jarraituz.

Erlazionatutako elementuak
2016ko uda: Jardunaldi akademikoak