mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kuban kantu inprobisatuaren transmisioa egiteko esperientzia ezagutuko dugu

Europa bat-bateanen baitan gauzatuko diren jardunaldi akademikoetan izango da hori, uztailaren 12an; kantu inprobisatuaren transmisioa izango dute gai egun horretako hitzaldiek.

Kantu inprobisatuaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzeko bideak aztertuko dira uztailaren 12an, asteartean, Europa bat-batean egitasmoaren baitan egingo diren jardunaldi akademikoetan. Bertsolaritzaren, Kubako puntoaren eta Mexikoko topadaren edo huapangoaren transmisio esperientziaz ariko dira egun horretan bildutako parte-hartzaileak.

Patricia Tápanesek Kubakoa mahaigaineratuko du Miramarren. Soziologian lizentziatua, Kubako herri kultura babesteaz arduratzen den Grupo Guijarroko koordinatzaile nagusia da bera. Hain zuzen, nazioaren oroimen kolektiboa eta identitate historiko eta kulturalaren aztarnak babestu asmoz, ohiko ahozko transmisioa eta haurrentzako tailerrak uztartzen dituen metodologiaz arituko zaigu kubatarra. Andoni Egañak berak ere aipatu zuen kubatarren transmisioa iragan apirilean topaketa hauen haritik egindako prentsa agerraldian: “Kubatarrengandik jaso genituen segidillak maiz erabiltzen ditugu guk, eta beraiek guregandik bertso-eskolen eredua hartu zuten”. Eredu hori gertutik ezagutuko dugu, beraz.

Rebeca Limónek Mexiko hurbilduko digu. Huapangoaren transmisioaz arituko zaigu bera; eta ez hori bakarrik. Las Alondras taldeko partaide, inprobisatzailea eta musikaria izanik, arratsaldeko emanaldietan ere erakutsiko du adierazpidea oholtza gainean, taldeko beste bi partaideekin batera.

Bertsolaritzaren transmisioaren inguruan hausnartzeko tartea ere izango da egun horretan. Batetik, Harkaitz Zubirik, soziologian doktoreak eta  UPV/EHUko ikertzaileak, transmisioa bermatzeko bertsolaritzak garatutako kultur-ekosistema berriaz ariko zaigu. Zentzu horretan, bertso eskolen sorrerak bertsolaritzan eragin handia izan du eta aitzindaria izan zen Leintz bailarako Almen eskola; hasiera hartako gako batzuk aletuko dizkigute han aritutako Arantzazu Loidik eta Jon Sarasuak.

Glosadors filmaren proiekzioa

Eguna amaitzeko, Glosadors filma eskainiko da. Herrialde Katalanetako glosa nola transmititzen den ezagutuko dugu filmaren bitartez, eta gainera, Roser Texidó egilea bera Miramarren izango da. Apirileko saioetan izandako glosadoreek argi utzi zuten: “hemendik denbora batera harrituta geratuko gara aterako denarekin”, azaldu zuen Mireia Menak. Hori ulertzeko bidea eman diezaguke filmak.

Bestalde, gogoan izan Oholtza Beñat Krolemen erakusketa ikusgai izango dela aste osoan zehar Miramar Jauregian. Krolemek Laboa Katedrarekin batera Mintzolak esleitutako proiektu saria eskuratu zuen eta haren fruitua da Lankuren bitartez zabaltzen ari den Oholtza.

Jardunaldiak uztailaren 11tik 15era izango dira Miramar Jauregian, 09:00etatik 13:30era, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Matrikulatzeko epea zabalik dago jada uztailaren 6ra bitarte, www.uik.eus atarian sartuta: bost egunetarako zein egun baterako eman daiteke izena.

Matrikularako lotura