mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Inprobisazioaren mestizajeak

Kantu inprobisatuaren jardunaldiak izan ziren Leonen irailaren 25ean eta 26an.

“Ikaragarria”, “harrigarria” eta antzekoak esanaz utzi zuten ikusentzuleek Sierra Pambley Fundazioko aretoa inprobisatzaileen emanaldia entzunda. 150 bat lagun bildu ziren bertsolarien, regueifeiroen eta verseadoreen bat-baterako abileziaren testigu izateko; beste zenbait aretotik kanpo geratu ziren, emanaldia jarraitzeko lekurik ez zegoela-eta.

Sierra Pambley Fundazioaren aretoan izan zen. Larunbatez, irailaren 26an, egin zen emanaldia. Aurrez inprobisaziorako adiera ezberdinen mahai inguru bat burutu zen eta bezperan Cerezales del Condado (Leon) udalerrian eskaini zuten beste emanaldi bat.

Kanariar Uharteko verseadoreak, Galiziako regueifeiroak eta Euskal Herriko bertsolariak Cerezales del Condado udalerrian bildu ziren ostiralean. Ane Labaka eta Maialen Lujanbio bertsolariekin, Itxaso Paiak eta Karlos Aizpuruak osatu zuten euskal ordezkaritza, lehena gai-jartzaile lanetan eta bigarrena itzultzaile lanetan arituz. Hango Cerezales Antonino y Cinia Fundazioren egoitzan eman zuten lehen ikuskizuna. Euren inprobisaziorako adierak aurkeztu zituzten, adierako bina ordezkariak elkarrekin arituz. Bakoitzak beretik, baina besteekin nahastuz bat-batean aritzera ere ausartu ziren bertsolari, regueifeiro eta verseadoreak. Kanariarren gitarrak transmititutako musika alaiak, galiziarren “ahozko oilar borrokak” eta euskaldunen erregistro eta adiera ezberdinetara egokitzeko iaiotasunak argi utzi zuen kantu inprobisatuaren aberastasuna.

Hurrengo egunean, Leonen zuten hitzordua. Sierra Pambley Fundazioaren egoitzan, 17:00etan hasi zuten ikus-entzuleen aurreko jarduna, Bertsolari dokumentalaren trailerrak abiatutako mahai inguruarekin. Yerai Rodriguez verseadoreak, Pinto d’Herbon regueifeiroak eta Maialen Lujanbio bertsolariak aritu ziren azalpenak ematen. Ondoren, emanaldia eskaini zuten berriro ere. Oraingo honetan erosoago, bezperako emanaldiak balio izan baitzuen elkarren artetik sor daitekeen nahasketa ezagutzen eta mestizajea hobetzen. Galiziarrentzat eta kanariarrentzat emanaldiak bazuen zailtasun puntu bat, gai jakin baten mugen baitan aritzen ohiturarik ez izatean. Berritasunak berritasun, nahasketaren emaitzak gustura utzi zituen parte-hartzaile eta ikusentzuleak.

Jardunaldi hauen antolaketan aritu dira Fundación Cerezales Antonino y Cinia, Fundación Sierra Pambley, Mintzola Ahozko Lantegia eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua. Europa bat-batean egitasmoaren baitan burutu dira.

Orain, Bartzelonako jardunaldiengan jarri du begirada Mintzolak: azaroaren 6an eta 7an izango dira.