mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Egitaraua

Europa bat-batean egitasmoak hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta saio eskainiko ditu hiru sasoitan.

Hiru fase ditu Europa bat-batean egitasmoak: 2015eko udazkenean jardunaldiak egin ziren, 2016ko udaberrian girotze-saioak eta urte bereko udan proiektua biribilduko duen ekimen nagusia, topaketa.

2015eko udazkeneko jardunaldiak estatu espainiarreko bi probintziatan gauzatu ziren irailean eta azaroan, Leonen eta Bartzelonan. Horietako bakoitzean bi emanaldi eta mahai-ingurua eskaini dira, eta Euskal Herriko bertsolariek beste kantu inprobisazioetako bi ordezkaritzekin aritu dira jardunaldietako bakoitzean: Kanariar Uharteetakoek bietan, eta Galiziakoak eta Kataluniakoak horietako bakoitzean.

Girotze saioak Euskal Herri osoan zehar izango dira, 2016ko apirilaren 16tik 23ra: Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion. Herrialde Katalanetako, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak ariko dira kantuan eta adierazpide bakoitzeko bina inprobisatzailek hartuko dute parte; baita musikariek eta gai-jartzaileek ere adierazpideak hala eskatzen duenean.

Uztailaren 11tik 16era Donostian izango dira saioak. Lehen bost egunetan jardunaldi akademikoak izango dira goizetan Miramar Jauregian eta arratsaldetan, saioak Donostiako hainbat lekutan. Egun bakoitzak gai jakin batean jarriko du arreta. Azken egunean emanaldi handia eskainiko da Kursaalen eta han bilduko dira aste osoan parte hartu duten inprobisatzaileak.

Jardunaldiak, girotze saioak zein topaketa Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak antolatu dituzte, tokian tokiko eragileekin batera. Uztaileko jardunaldi akademikoak UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan gauzatuko dira.