Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa

Mintzola Ahozko Lantegiak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez, euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa diseinatzeko lehen urratsak egin ditu, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin eta antzerkigintzako beste hainbat eragilerekin elkarlanean.

2017ko ekainaren 16an Mintzola Ahozko Lantegiak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak prentsaurrekoa eskaini dute euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa bideratzeko lehen urratsa izango litzatekeen txostena aurkezteko.

2014ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan, antzerkigintzaren dokumentazioan jarri zen arreta eta argi ikusi zen euskarazko antzerkiaren garapenean lagunduko zuen dokumentazio egitasmo baten beharra zegoela. Hala, bertsolaritzaren dokumentazioan duen eskarmentuan oinarri, Mintzola Ahozko Lantegiak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik, egitasmoa diseinatzeko proposamena luzatu zion Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteari.

2017-01-17 Iruñea. Antzerkigintzako dokumentazio egitasmoko tailerra

Euskal Herri osoko ehunka antzerki eragileren iritziak jaso dira; norbanakoek zein antzerki dokumentazio zerbitzua eskaintzen duten bi erakundek hartu dute parte, Dantzertik (Bilbo) eta Escuela Navarra de Teatro - Nafarroako Antzerki eskola (Iruñea). Jakintza ugari batu da eta hortik ateratako ondorioekin osatu da txostena.

Mintzolak diseinatutako dokumentazio egitasmoa antzerki eragileen esku dago orain eta ahozko lantegiak, zentzu horretan, bere egitekoa bukatu badu ere, etorkizunean egitasmoa gauzatzen laguntzeko prestutasuna agertu du.