Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/05/17

Regueibertso jaialdiak jarraipena izan du Galizian

Arratia BHIko bertsolaritza ikasleak "II Encontro Regueifesta de improvisación oral en verso" topaketan hartu dute parte Santiago de Compostelan.

Galiziarrak Euskal Herrian egon ostean, arratiarrei egokitu zitzaien hara joatea Regueibertso jaialdiari jarraipena emateko. Ostegun goizean joan ziren Arratia BHIko ikasleak Santiagora, eta ostegunean bertan ekimena bultzatu eta babesten duten antolatzaile eta erakundeen prentsaurrekoa izan zen. Regueibertso proiektuaren bultzatzaileak (Manolo Maseda eta Iñaki Iturriotz, Antia Ameixeiras eta Alba Maria regueifeiroak), Hezkuntza saila. Santiagoko Udala, A Coruñako Diputazioa eta Xunta de Galiziako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza.

II Encontro Regueifesta de improvisación oral en verso topaketa egin zen ostiralean, Santiago de Compostelako Auditorio de Galizan. Bertan Arratia BHIko bertsolaritza ikasleek hartu zuten parte, Galizia osoko hogei bat ikastetxetako mila ikaslerekin batera. Ekitaldi bizia eta motibagarria izan zen; regueifa, gaita, doinu zelta eta erritmo galego bizien artean, arratiarrek bertso saio batean egiten diren ohiko ariketak erakutsi zituzten oholtzan. Bertsoak eta azalpenak galegora itzuli zituzten bertaratutakoek ulertzeko.

Hezkuntzan egiten hasi diren regueifaren transmisioaren bitartez, bat-batekotasuna eta ahozkotasunaren baloreak indartu nahi dituzte Galizian. Proiektu honek, beraz, eraldaketa prozesu bat gauzatzea du helburu: hizkuntzaren, musikaren eta justizia sozialaren bidez regueifaren dimentsio jostagarrian eragin, eta eragile sozialen lankidetza bilatu.

Musikak ere alaitu du arratiarren egonaldia. Ostiral arratsaldean, Centro Xove da Almáciga izeneko gunean Boina e Txapela deituriko jaialdia antolatu zen, García MC, DJ Mil, Moudafaca, Gato Persa, Lidia Botana eta Radio Revolución musika taldeekin; eta bazkari eta afari orduak ere baliatu dituzte bertso eta kanturako.