Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/05/16

Ostiralean izango den euskal etnopoloaren lehen mahai-inguruan izango da Xenpelar

Baionan izango da hitzaldi eta mahai-inguru sorta, 09:00etatik 17:00etara hiriburuko Euskal museoan.

Euskal Kultur Erakundeak eta Parisko EHESS Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolak partaidetzan sortu duten euskal etnopoloaren mahai-inguruan parte hartuko du Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Maiatzaren 19an izango da solasaldia, ostiral honetan alegia, eta egitarau betea izango da 9:00etatik 17:00etara Baionako Euskal museoan.

Estatu frantseseko Kultura Ministerioak euskal etnopoloaren labela eman dio Euskal Kultur Erakundeari; aitorpen horrek kulturaren eta ikerketaren alorrean ari diren erakundeen lana goraipatzen du eta ondarea eta sorkuntzari buruzko partaidetzak ahalbidetuko ditu. Hala, euskal etnopoloaren lehen mahai-ingurua izango da hau.

Euskal kulturaren eta sorkuntzaren egunerokotasunean ondarea berriro nola baliatzen den ikertzeko lanetan murgilduta sortu da jardunaldia, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa gonbidatua izan da. Nere Erkiagak hartuko du parte, eta ikerketa-ekintza parte-hartzailearen bidez sortzaileen eta herritarren gogoetak nola bultzatu, beharrak identifikatu eta horren arabera egitasmoak nola diseinatu azalduko du, eta era berean, beste parte-hartzaileekin solasean ariko da planteatzen diren ideien inguruan.