Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/04/06

Ondare kulturalaren inguruko jardunaldietan izango gara, Asturiasen

Bertsolaritzaren inguruko hitzaldi bat eta bertso-eskola irudikatzeko tailerra eskainiko dira.

V. Jornadas. Patrimonio cultural e innovación social. Modelos y herramientas para la gestión comunitaria del patrimonio cultural jardunaldietan parte hartuko du Mintzolak. Apirilaren 21ean eta 22an gauzatuko dira jardunaldiok: lehen egunean Madrilen, eta bigarrenean Villanueva de Santo Adriano herrian, Asturiasen. Kultur ondarearen kudeaketa komunitarioaren inguruko saioak izango dira eta hainbat esperientzia bilduko dituzte; tartean, bertsolaritza mugimenduaren talaiatik helduko diote gaiari Mintzola Ahozko Lantegiko ordezkariek.

Karlos Aizpurua eta Aritz Zerain arduratuko dira Mintzola Ahozko Lantegiaren izenean, hitzaldia eta tailerra eskaintzeaz. Bertsolaritza: una tradición moderna hitzaldia eskainiko du Aizpuruak larunbat goizean eta arratsaldean Zerainekin eta Xosé Antón "Ambás" Asturiasko ahozko kulturaren adituarekin batera ¿Qué es una bertso-eskola? tailerra eskainiko dute hirurek. Hitzaldian bertsolaritzaren mugimendua nola antolatua dagoen azalduko da eta tailerrean bertso-eskoletan zer lantzen den ikusaraziko da; inprobisazio teknikaren inguruan ariko dira parte-hartzaileak.

Jardunaldiak La Ponte-Ecomuséu, Medialab Prado, Heritage and Social Innovation Observatory-University College London eta Fundación Valdés-Salasek antolatu dituzte.