Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2016/11/07

"Mundu bat ahoz aho" dokumentala, Durangoko Azokan

Kantu inprobisatuari buruzko ikus-entzunezkoa da, eta mundu osoko inprobisatzaileen lekukotasunak biltzen ditu.

Mendez mende, idatziz transmititu izan da herri baten historia ofiziala; baina historia ofizialaren ertzetan badira bestelako ahots batzuk ere, ahoz aho hedatzen direnak eta inprobisatu diren leku eta momentu horri dagozkionak. Kantu inprobisatuak forma eta ahots ugari hartzen ditu munduko bazter bakoitzean, eta Mundu bat ahoz aho dokumentalak horiek ikus-entzunezko berean batzeko ariketa egin du.

Mundu bat ahoz aho kartela

Mintzola Ahozko Lantegiak garatu eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzia, kantu inprobisatuak munduari begiratzeko talaia berezi bakoitzaren berri emango digu dokumentalak. Kantua ardatz hartuta, kultura ofizialean agertzen ez diren ahotsetan barrena bidaiatuko dugu dokumental honetan, eta, bide batez, kultura bakoitzak emakumearen presentziaz eta transmisioaz daukan ikuspegiaren berri izango dugu, sortzaileen bizipen pertsonalen eta hausnarketen bidez.

Horretarako, zazpi herrialdetako sortzaileen ahotsetan barrena bidaiatuko dugu: Euskal Herriko Maialen Lujanbio, Karen Owen galestarra, Herrialde Katalanetatik Mireia Mena, Kubako Yunet López, Zinar Ala kurdua, Mexikoko Las Alondras hirukoa - Diana Laura Hernández, Dana Sofía Limón, Rebeca Limón - eta Sardiniako Simone Monni. Gainera, Albert Casals, Ixiar Eizagirre, Begoña Guzmán eta Ruth Finneganen lekukotasunak ere jaso dira.

Abenduaren 3an eskainiko da Durangoko Azokaren baitan Mundu bat ahoz aho dokumentala 11:30etik aurrera Irudienean; Mugaminak dokumentala eskainiko dira gero. Gainera, DVDa ere eskuragai izango da Goienkaleko 41.ean, Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen mahaian. Euskal Herriko hainbat herritan eskainiko da ondoren. Zuen herrian proiekzioa antolatzeko asmoa izanez gero, jarri harremanetan Lankurekin: .