Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Mugaminak" dokumentala, datorren ostegunean Amasa-Villabonan

Ikus-entzunezkoan parte hartu duen Amets Arzallus bertsolaria ere bertaratuko da dokumental osteko solasaldirako.

Pasa den hilabetean Mundu bat ahoz aho ikus-entzunezkoarekin egin bezala, apirilean ere proiekzio bat izango da Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan: Mugaminak dokumentala eskainiko da. Ikus-entzunezkoan gidari lanak egiten dituen Amets Arzallus ere gurean izango da proiekzioaren ondoren egon daitezkeen galderei eta iruzkinei erantzuteko. Hitzordua apirilaren 6an, ostegunean, 19:00etatik aurrera izango da. Sarrera doakoa izango du emanaldiak.

Zipreren iparraldearen eta hegoaldearen arteko banaketa ekarri duen gatazkak eta harresiak herritarren artean eragin dituen bizipenak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Amets Arzallusek eramango gaitu irlaren alde batera eta bestera, lekukotasun hunkigarriak jasoz. Era berean, Ametsek Zipreko mugako gatazka Euskal Herrian duen bizimodura ekarriko du, eta bertan familiarekin eta bertsokideekin partekatu du hausnarketa. Zipreko Pafosen olerkari eta inprobisatzaileen emanaldi batean parte hartuko du Ametsek eta ondoren, Euskal Herrira etorriko dira inprobisatzaile  zipretarrak; hain zuzen ere, Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitako egitarauan, antolatutako Europa bat-batean topaketara. 

Xuban Intxaustik zuzendua, Donostia 2016ren Europa Transit proiektuaren baitan gauzatu zen dokumentala eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen lehendabizikoz. Egun, Lanku Kultur Zerbitzuak bideratzen du ikus-entzunezkoaren proiekzioa; beraz, zuen herrian emanaldia antolatu nahi izanez gero, jarri harrremanetan Lankurekin helbidean edo 943 260 755 zenbakira deituta.

Bitartean, ez galdu aukera eta zatoz datorren ostegunean Amasa-Villabonako Subijana etxera. Zain izango gaituzu.

Erlazionatutako elementuak
"Mugaminak", ostiralean Zinemaldian ikusgai