Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/05/18

Herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan

Ikus-entzunezko ondarea biltzeko eta haren tratamendurako aholkuak entzuteaz gain, horren inguruan dabiltzan hainbat ekimen ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko gune izan dira laugarren Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak.

Pasa den ostiralean Tokiko Bilduma: herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea izenburupean gauzatu ziren Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. 10:00etan hasi eta 14:00ak bitarte, Amasa-Villabonako Subijana etxean, hainbat esperientzia entzuteko eta partekatzeko aukera egon zen. 

Bilketarako ikus-entzunezko baliabideak erabiltzean, aintzat hartu beharreko aspektuak azaldu ziren: hala nola, grabaziorako kameraren kokapena, argiztapena eta enkoadraketa; ediziorako baliabideak; eta ondare horri egin dakiogun tratamendua fitxategia gordetzerakoan. Bakoitzaren esperientziak bideraturiko azalpenak eman zituzten Xenpelar Dokumentazio Zentroko, Bertsoa.euseko eta Ahotsak.euseko kideek.

Atsedenaldiaren ondotik, herri bilketan diharduten hainbat egitasmo ezagutzeko parada izan zuten jardunaldietan bildutakoek: Donostiako Amara auzoko Ernest Lluch liburutegikoek auzoko identitatea indartzeko egiten ari diren lana, Oiartzungo Ttur Ttur elkartea herrian egiten ari den bilketa, Aldudarrak Batasuna Elkarteak bideogintzan eman dituen pausoak edota Durango 1936 Elkarteak lekukotzak jasotzeko eta argitaratzeko egindako bidea.

Laugarren edizioa

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta bereziki Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren. 2014an egin zen lehena; antzerkiaren dokumentazioari loturikoa izan zen lehen edizio hura. Gerora, ipuingintzan eta kantagintzan jarri dute arreta jardunaldiek, eta aurtengoan, azaldu bezala, bideogintza izan dute ardatz.

2017ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Euskal Herriko Ahotsak eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) eta Amasa-Villabonako Udal Liburutegiak lagundu dute jardunaldien berri zabaltzen.