Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/02/01

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Musikaren eta bertsolaritzaren ikus-entzunezko ondarearen zaintzak eta zabalkundeak gaur egun dituen erronkei erantzuteko elkarlana sendotu nahi da.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak beren arteko lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur Amasa-Villabonako Subijana etxean: Bertsozale Elkarteko eta Mintzola Ahozko Lantegiko koordinatzaile den Aritz Zerainek, Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaile diren Nere Erkiagak eta Oihana Aranburuk, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendaria den Jon Bagüések hartu dute parte. Hitzarmen honen helburua bi erakundeen arteko esperientzia eta ezagutzak trukatu eta herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintzea da, bai musikaren eta bertsolaritzaren inguruko elkarlana sendotuz, eta baita Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez, musikaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan elkarlana bultzatuz ere.

Hala, musikaren eta bertsolaritzaren ikus-entzunezko ondarearen zaintzak eta zabalkundeak gaur egun dituen erronkei erantzuteko elkarlana sendotu nahi da, baliabideen ustiapen handiena egin eta informazio zerbitzuak hobetzeko. 

Eresbil musikaren ondarea eta euskal musikagileen ekoizpenean espezializatutako zentroa da eta 1974tik hainbat zerbitzu eta egitasmo eskaintzen ditu. Euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean lan handia egiten du. Xenpelar Dokumentazio Zentroa 1991an sortu zuen Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren ondarearen zerbitzua emateko eta 2009tik Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez munduko kantu inprobisatuaren inguruko informazio zerbitzuak ere eskaintzen ditu.  

Pello Errota, ala Joxe Mari Sorozabal?

Aspaldikoa da bi erakundeen arteko elkarlana. Izan ere, urteak dira bertsolaritzaren musika eta ikus-entzunezkoen tratamenduan auzolanean ari direla, elkarri lagunduz, elkar osatuz.  

2017-02-01 Eresbil - XDZ hitzarmena

Bide luze horretan ez da anekdotarik falta eta beharbada guztietan pasadizorik bereziena ezagutzen dugun bertso grabaziorik zaharrenarekin gertatutakoa da. Regal argitaletxearen Bertso berriak por Asteasu y Txirrita arbelezko diskoaren ale bana zegoen bi zentroetan. Eresbilek egin zuen soinuaren digitalizazioa eta horri esker bertsoak transkribatu eta jaso ziren Xenpelarren.

Grabazioaren edukiaren azterketak emaitza desberdinak eman zituen, eta misterioa argitzeke dago oraindik! Izan ere, Xenpelarren Pello Errota hori “Asteasu” zela ondorioztatu zen. Pello Errota Asteasukoa izateaz gain, Txirritarekin sarri aritu baitzen kantuan. Gainera, grabazioak ez ditu Pello Errota dela pentsatzeko pista gutxi ematen: Asteasutik etorri dela dio bertso batean, norbaitek “Bota Pello!!” esaten dio… eta grabazioan Txirritaren pareko bertsolari bezala kantatzen du.

Aldiz, Eresbilek Regal argitaletxearen ibilbidea eta grabazioaren ezaugarriak analizatu zituen. Eta azterketa horren arabera diskoa 1927koa da. Beraz, ezinezkoa da Pello Errota izatea, 1919an zendu baitzen. Pello Errotak ezin zuenez izan, balizko egile berri bat identifikatu zen: Joxe Mari Sorozabal “Asteasu”, Pablo Sorozabal musikariaren aita. 

Etorkizunean argi izpi berririk ezean, “Asteasu” hori Pablo Sorozabal musikariaren aita dela azaltzen jarraituko dugu bi erakundeok. 

Hemen informazio gehiago: