Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritzari loturiko doktore tesien ikergaiak ezagutu ditugu

Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Eñaut Agirre eta Ainhoa Aizpurua izan ziren beren ikergaiak aurkezten Amasa-Villabonako Subijana etxean. Gero, bertso saioa izan zen.

Ikerketaren mundua zenbaitetan urruna eta zurruna egiten zaio jardun horretan ez dabilenari, baina Amasa-Villabonan bildu ziren ikertzaileak oso modu ulergarrian aurkeztu zuten beren doktore-tesietarako ikergaia. Miren Artetxek, Oihana Iguaranek, Eñaut Agirrek eta Ainhoa Aizpuruak bertsolaritzari loturiko ikerketak dituzte abian eta horiek aurkeztu zituzten pasa den ostegunean Mintzolak antolatutako hitzorduan.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak zein Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzak babestutako doktore-tesiak garatzen ari dira ikertzaile hauek. Miren Artetxek hiru erakundeon artean egindako lehen deialdiko ikerketa-kontratua eskuratu zuen: Iparraldeko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza portaera eta, batez ere, horren gainean gazteok duten diskurtsoa aztertu du eta bertso-eskolak horretan duen eragina. "Bigarren fasean, bertso mundura begira jarri naiz. Bertsolaritzak berak badu hizkuntza ideologia bat eta ideologia horren baitan sozializatzen da bertso-eskolan dabilena" gehitu du Artetxek.

Oihana Iguaranek aurtengo deialdiko ikerketa-kontratuetako bat erdietsi du. Hedabideek sortzen duten albistearen eta bertsoaren baitan sortzen den diskurtsoaren arteko harremana ikertuko du: "komunikazioan agenda setting izena duen teoria aplikatu nahiko nuke, bertsogintzan ikusteko diskurtso horrek nola heltzen dion aktualitateari".

Eñaut Agirrek eskuratu du aurtengo beste kontratua eta, hala, iaz ekindako ikerketan gehiago sakontzeko aukera izango du. Garai bateko bertsolarien eta egungoen ahozko ezaugarriei erreparatuko die Agirrek. "Xenpelar, Txirrita eta Maialen Lujanbio bertsolarien ezaugarri horiek aztertu nituen. Hasieran espero litekeena baino alde gutxiago dagoela ikusi dut, eta horrek beste bide batzuk irekitzen ditu: ezaugarri horiek gehiago zehaztu beharra eta beste bertsolari batzuk ere aztertzekoa", azaldu du.

Ainhoa Aizpuruak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak banatutako kontratuari esker garatuko du bere tesia, Bertsolaritzaren prosodia: "prosodia da hizkuntzaren musika, ahozkotasunaren funtsa: erritmoa, entonazio-egiturak, intentsitate aldaketak... hartzen ditu bere baitan eta hori bertsotan nola sortzen den aztertuko dut. Eta, era berean, bertsoak berak euskararen prosodiari buruz agertzen duena behatzea".

Lau ikergaiak aurkeztuta, bertso zaharren emanaldia eskaini zuen Eñaut Agirrek Imanol Kamio musikariaren laguntzaz eta, gero, bertsotan aritu ziren librean Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Doktore-tesi hauez gain, gogoratu behar da proiektu-sarien deialdia egin zutela Mintzolak eta Laboa Katedrak elkarrekin eta hura medio beste hiru proiektu ere abian direla, Ane Labaka, Itziar Navarro eta Xumai Murua ikertzaileen eskutik.