Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/01/20

Bertsolaritzaren liburutegia sarean jarri du Xenpelar Dokumentazio Zentroak

500 liburu eta artikulu baino gehiago beha daitezke online liburutegiak bildutako erreferentziatan. Bertsolaritzaz gain, ahozkotasunari eta munduko kantu inprobisatuari buruzko material ugari bildu du liburutegiak.

Bertsolaritzari buruz argitaratutako liburu eta aldizkariekin, 1991tik aurrera liburutegia antolatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak; ordutik hona lan ugari bildu dira, bai bertsolaritzaren inguruan eta baita ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan ere.                                          

Liburutegian jasotako ikerketa eta bestelako lanak edozeinen eskura daude dokumentazio zentroan bertan, baina orain arte, baliabide faltagatik, ezin izan da Interneten ikusi liburutegiari buruzko informaziorik. Azkenean, aurten lortu da liburutegiko katalogoa Bertsolaritzaren Datu-Basean txertatuta interneten erakustea. Hemen, liburutegia kontsultagai.

Bertan bertsolaritzari buruz idatzi den gehiena aurkitu ahal izango da. Katalogoan bildutako erreferentzia horietako 548 liburu eta artikulu Interneten bertan irakurtzeko eran daude eta gainerakoak, paperezkoak, dokumentazio zentroan kontsulta daitezke. 

Munduko kantu inprobisatuen inguruko argitalpenak biltzeko ahalegina ere egin da. Munduan zehar bidaiatu duten bertsozaleen laguntza ezinbestekoa izan da liburutegian eskaintzen diren hainbat herrialdetako kantu inprobisatuei buruzko liburuak eskaini ahal izateko. Guztira, ia 6.600 lanei buruzko datuak eskaintzen dira. 

Ikerketarako datuak, eskura

Bertsolaritza eta kantu inprobisatuei buruzko ikerketak laguntzeko asmoz, datu-base akademikoetan gai honi buruz dauden artikulu eta liburuen erreferentzia bibliografikoak ere jaso dira. 900 argitalpenen berri eman ahal izan da, eta etorkizunean bilketa honekin jarraituko du Xenpelarrek, Kulturartea Mapa egitasmoa aberastuaz eta bertsolaritza munduan kokatzeko ahalegina eginez. 

Liburutegia datu-basearen erabilera errazteko asmoz, emaitzen zerrendak gehiago zehazteko filtroak eskaini dira: online irakurri daitezkeenak, edota formatu motaren eta egilearen araberako emaitzak zorroztu daitezke. Era berean, liburutegiko datuak modu estandarretan eraiki eta aurkeztu dira; hala, ikertzaileek normalean erabiltzen dituzten programetara datuak esporta ditzakete. 

Aurrera begira, liburutegian hainbat hobekuntza egin nahi dira: liburuen mailegu sistema ezartzeko baliabideak bilatu nahi dira, eta udal liburutegien zerbitzuarekin bateratzeko aukerak aztertu, erabiltzaileei erraztasun handiagoak emateko.