Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2016/12/23

Ahots Baten sormen egonaldian agurtuko dute urtea hainbat gaztek

Anari, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx", Julio Soto eta Miren Amuriza eta ITU bandakoak izango dira egonaldian han bildutako gazteekin ahozko kultur sorkuntzaren lanketa egiteko.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura uztartuko dituzte Ahots Baten sormen egonaldian parte hartuko duten gazteek. Egonaldia Zestoako Sastarrain baserri-eskolan egingo da abenduaren 26tik 30era eta 15-20 urte bitarteko ia 40 gazte izango dira, denak ere jatorri anitzekoak: Altsasu, Angelu, Gasteiz, Lakuntza, Larraul, Lekuine, Eskoriatza, Ondarroa, Portugalete...

Egun bakoitzean adierazpide batekin esperimentatuko du taldeak eta horietan aditu eta aritu direnen bisita jasoko dute. Aurten Lekore literatura aldizkaria sustatzen duten ITU bandakoak izango dira lehen egunean; hurrengoan, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" antzezlea; segidan, Anari kantaria; eta azken egunean, Miren Amuriza eta Julio Soto bertsolariak izango dira egonaldian.

Egitasmoa gauzatzen den bigarren aldia da; iaz, oso gustura geratu ziren parte-hartzaile zein antolatzaileak. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu du egonaldia, Bertsozale ElkarteaEHAZEEuskal Kantuzaleen ElkarteaIkastolen Elkartea eta ipuingintzan aritzen diren zenbait aditurekin elkarlanean.