Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa proiektu sariak 2015

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia (2015) bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen eta master amaierako lanen proiektuak sustatzeko.

Bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute, beste helburu batzuen artean, hala Mintzola Ahozko Lantegiak nola Mikel Laboa Katedrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-giroaren testuinguruan.

Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira eta, hain zuzen, bide horretan laguntzea eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta bertsolaritza ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua. Lehenengo urratsen garrantziaz oharturik, hain justu, ikerlan-proiektuen kalitatea ebaluatu eta sarituko da deialdi honetan, sinesten dugulako unibertsitateko irakasle batek bermaturiko proiektuak kalitate ona duenean ikertzaile hasiberriaren oinarriak sendoak izango direla.

Deialdi honetan, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin, horien ikergai nagusia bertsolaritza bada, nahi den jakintza-alorretik ikertua. Nolanahi ere, unibertsitateko irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: deialdi publikoa argitaratzea ikergai nagusia bertsolaritza (edozein jakintza-alorretatik aztertua) duten master amaierako lanen proiektuak nahiz ikerketa-lan monografikoen proiektuak egiteko hiru diru-laguntza esleitzeko.

Informazio gehiago: