Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa kontratuak 2016

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sorturiko ikerketa-kontratu honen helburu nagusia bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Euskal Herriko Unibertsitatearen parte-hartzea Mikel Laboa Katedraren eta Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez gauzatu da. 

Bertsolaritza munduko eta Euskal Herri osoko ehundik gora bertsozale, eragile eta adituekin Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile (IEPH) prozesu bat gauzatu zuen Bertsozale Elkarteak, 2011 eta 2012 urteetan zehar. Prozesu horretan, emaitza gisa, iker-lerro edo ikergai zerrenda bat lehenetsi zen.

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, bestalde, bere zereginen artean du artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obrari buruzko doktorego-tesiak sustatzea, eta bere egitasmoan zehazten du bertsolaritzari (musikari eta dantzari bezala) arreta berezia eskainiko zaiola.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: Mintzola Ahozko Lantegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea Bertsolaritzari buruzko doktorego-tesia egitea helburu duten doktorego aurreko kontratu bi formalizatzeko UPV/EHUn. 2016ko deialdian, doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak.