Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa kontratua 2014

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egiteko

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sorturiko ikerketa-kontratu honen helburu nagusia bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Euskal Herriko Unibertsitatearen parte-hartzea Mikel Laboa Katedraren eta Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez gauzatu da.

Bertsolaritza munduko eta Euskal Herri osoko ehundik gora bertsozale, eragile eta adituekin Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile (IEPH) prozesu bat gauzatu zuen Bertsozale Elkarteak, 2011 eta 2012 urteetan zehar. Prozesu horretan, emaitza gisa, iker-lerro edo ikergai zerrenda bat lehenetsi zen. Mintzolaren eta Mikel Laboa Katedraren kontratazio-deialdia ikergai horietako bati buruzko doktorego-tesi bat egitera bideratuko da.

EHUko Mikel Laboa Katedrak, bestalde, bere zeregin artean du artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obrari buruzko doktorego-tesiak sustatzea, eta bere egitasmoan zehazten du bertsolaritzari (musikari eta dantzari bezala) arreta berezia eskainiko zaiola.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honakoa da: Mintzolak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egitea helburu duen doktorego aurreko kontratu bat formalizatzeko EHUn. 2014ko deialdi honetan, doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak.

Informazio gehiago: