Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa kontratua 2013

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia (2013) bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egiteko

Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sorturiko ikerketa-kontratu honen helburu nagusia bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Euskal Herriko Unibertsitatearen parte-hartzea Mikel Laboa Katedraren eta Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez gauzatu da. 

Bertsolaritza munduko eta Euskal Herri osoko ehundik gora bertsozale, eragile eta adituekin Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile (IEPH) prozesu bat gauzatu zuen Bertsozale Elkarteak, 2011 eta 2012 urteetan zehar. Prozesu horretan, emaitza gisa, iker-lerro edo ikergai zerrenda bat lehenetsi zen. Mintzolaren  eta Mikel Laboa Katedraren kontratazio-deialdia ikergai horietako bati buruzko doktorego-tesi bat egitera bideratuko da.

EHUko Mikel Laboa Katedrak, bestalde, bere zereginen artean du artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obrari buruzko doktorego-tesiak sustatzea, eta bere egitasmoan zehazten du bertsolaritzari (musikari eta dantzari bezala) arreta berezia eskainiko zaiola.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: Mintzolak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egitea helburu duen doktorego aurreko kontratu bat formalizatzeko EHUn. 2013ko deialdian, honako iker-lerro edo ikergai hauen artean hautatuko da, eta doktoregaiak eskariarekin batera aurkeztu behar duen proiektuan zehaztuko du horietako zein eta zenbateko zehaztapenarekin garatuko duen bere tesian:

  1. Bertsozaletzeko arrazoiak eta mekanismoak ikertu, adin desberdinetan, eta tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak kontutan hartuz.
  2. Herrialdeko Bertsozale Elkartearen eskutik hezkuntza arautuan, bertso-eskoletan eta jarduera osagarrietan egiten den lanaren, metodologien eta emaitzen azterketa.
  3. Bertsolaritzaren transmisio modu guztien azterketa: transmisio formala (ikastetxeetakoa, ofiziala), ez formala (talde eta elkarteek eragina) eta informala (bizitzan jasotzen dena: familia, lagun, ingurua).
  4. Bertsolaritzaren transmisioak hezkuntzaren zein gizartearen esparru ugarietan egin dezakeen onura eta ekarpena aztertzea.

Informazio gehiago: